Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

VII'gn. jardunaldia

 

LEIRIN'GO JAUN KUNTIA eta BI ARRANBELARI

 

(Lengo agertoki berbera. Arratseko zortzirak ingurua. Gau illuna, udazken edo negu arratsa baita.)

 

JAUN: Zortzirak urbil dira. Onezkero laister bear du Bereterretxe'k.

ARRANBELARI I.: Bai, Xikot gure zelatariak esan zigunez, eizetik garaitsu ontan etortzen omen da bere lagunekin.

ARRANBELARI 2.: Eztago presarik. Gaua gure laguna da eta bihar goizeko zazpirak arte eztago eguna argitzeko bildurrik.

JAUN: (Jauregiari begira.) Eztu toki txarra aukeratu Bereterretxe'k bere emaztearekin eztai-ondorengo eztialdia igarotzeko, Aspaldi ote daude emen?

ARRANBELARI I.: Xikot gure konta-katilluak jakin-erazi zigunez, illabete bat ba'daramate emen. Aurten eize ugaritasun aundia da eta nunbait, luzatzen ari dira orregatik; alabaiña, noiz-nai joan ditezke Olhaibi'ra. Bereterretxe'ren ama ere emen omen dago, Larraun'dik etorrita, bere seme-alabekin bolara bat pasatzen.

JAUN: Mari Santz? Erruki dut. Obe zuen Andoze'ko ibarretik atera izan ezpa'litz, aurki bere semearen illotza ikusi bearko baitu Bustanobi'ko atarian.

ARRANBELARI 2.: Tamala, Bereterretxe'ren aitagiarreba emen ez egona biak batera garbitzeko. Olhaibi aldera beste txango bat egin bearko dugu luzaro baiño len egiteko au burutzeko.

JAUN: Aurrena, ordea, Bereterretxe akabatu bear dugu. Ori da Lukuze'ko Jaun Baroiaren borondatea eta etzaio errazoirik phalta. Bereterretxe bizirik uzten ba'dugu, lanak eman bear dizkigu bizi geran artean eta Grazian Gramont, berriz, deus ezta Tristan Bereterretxe'ren laguntasunik gabe.

ARRANBELARI I.: Egi aundia diñozu. Grazian Gramont aspaldian auleriak jota zegoen zalduna zen Bereterretxe bere zerbitzuan artu zuenean. Onek txuspertu ta indartu du Olhaibi'ko jauna gure aurka.

JAUN: Musde Arnauton, Lukuze'ko Baroiaren gudaririk bipillena beragatik galdu zen. Beragatik eta Petiri Santz Altzai'koagatik. Au, ordea, joan den astean akabatu zuten Baroiaren gudariak eta orain Bereterretxe'ren aldi da. Nire lengusuak eztie barkatzen apaizaren eriotzan parte artu zutenai.

ARRANBELARI 2.: Azkarregi ibilli nai izan du Bereterretxe'k bere egiñetan. Bere zerbitzuai eskerrak, zegokion baiño goragoko neska batekin ezkondu ahal izan da eta bere emaztearen anai bakarra il delako, Grazian zaharra iltzearekin Olhaibi'ko, Auze'ko ta beste erri batzuetako jaun da jabe geldituko litzake. Bidea zuten urratzen jakin du mutillak.

JAUN: Baiñan, bide txirristakorretik ibilli da eta bere asmo ta jomuga guziak gaurko arratsean ankaz gora joango zaizkio. Berak, etxerakoan igaro bear duen bidean, arbola bakoitzak arranbelari bat du gibelean gezia jaurti unean. Zelatarteaz oartzen denerako, berrogeitamar edo eun gezi gorputzean itsasiko zaizkio. Bereterretxe: gomenda zaiok ire arima Jaungoikoa'ri.

ARRANBELARI I.: Ixo! Zaldi-takata otsa da ta jende ixkanbilla ere bai. (Entzun bitez bi zarata tankerok urrutitik urbillera.) Ezkuta gaitezen.

JAUN: Gizon bakoitza bere tokian al-dago?

ARRANBELARI I. eta 2.: Bai, jauna.

JAUN: Goazen, bada, geu ere geronen gordelekutara. (Eize-taldekoak agertokian sartu aurretik, zaldien ostiko ta irrintziak eta jendearen berriketa-otsa argi ta garbi entzun bedi. Gatxot'ek, morroiei ondorengo agindu-itzok esango dizkie eta berealaxe agertokian sartu bitez.)

GARTXOT: (Agertokian sartu aurretik.) Zaldi-mutillak, eraman zamariak ukullura eta eizea sukaldera. Eize-zakurrak beren etxoletan lotu eta aztorea bere egoitzan ipiñi. Zaldiai pentsurik onena eman eta zakurrai eta aztoreari ase arteko otordua. Gaurkoa ongi irabazia daukate eta ez merke-zurrian ibilli.

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962