Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

II'gn. jardunaldia

 

BERETERRETXE ta MARI BELTXA

 

BERETERRETXE: (Alkarrekin sartu bitez izketan.) Beraz, aitarekin eldu zera Maule'ra?

MARI: Bai, aitarekin, amarekin eta Otsoa ene anaiarekin.

BERETERRETXE: Eztakizu zenbat poztutzen naizen zu ikustearekin, Mari Beltxa.

MARI: Bai ni ere, Tristan. Etxean danok ongi al-zerate?

BERETERRETXE: Oso ederki. Milla esker. Zuek ere ongi zeratela pentsatzen dut.

MARI: Bai, bai, oso ederki Jaungoikoa'ri eskerrak.

BERETERRETXE: Mari Beltxa, noiz ezkero eztugu alkar ikusi?

MARI: Amar illabete oraintsu. Zuen eta gure aide egiten diren Bustanobi'ko jauregian zen. Gogoratzen al-zera?

BERETERRETXE: Bai, noski ; nola ez gogoratu egun eder artaz?

MARI: Bustanobi'ko osaba zaharraren urrezko eztei egun gogoangarrian zen. Ain zuzen ere, Mari-Santz zure ama etzen eldu; erixka omen zegon... Pizkortu al zen?

BERETERRETXE: Bai, arras pizkortu zen. Baiñan, bolara txarra pasatu zuen bere gibeleko min aundiakin. Eztakizu gaixoak zenbat sofritu zuen guraso zaharren urrezko ezteietara ezin joanarekin. Senide guziak izan ziren bera ezik. Ene aitak, ordea etzion joaten utzi, egun aietan sekula baiño gaizkiago ibilli baitzen.

MARI: Izan ere, ondo egin zuen. Larraun'dik Bustanobi'raiño mando gaiñean joatea egoera ortan ezpaita txantxetako gauza. Emaizkiozu gure phamiliaren partez goraintzirik amultsuenak. Ain da emakume ona ta gixakoa zuen ama!

BERETERRETXE: Anitz esker, Mari Beltxa. Emanen dizkiot, baiñan, noiz ote?

MARI: Ez al-zera, bada, etxean izaten?

BERETERRETXE: Bai zera! Etxean ba'nengo, enuke ainbeste denbora etsiko zu ikusteke...

MARI: Itz legunak merke izaten dituzute gizasemeak...

BERETERRETXE: Egietan dasaizut, Mari Beltxa,.. baiñan, orain urruti bizi naiz zu ikusi ahal izateko.

MARI: Nun zaude, bada?

BERETERRETXE: Bordele'n nago arranbelari ango aitor-seme ahaltsu batekin. Bustanobi'ko osaba-izeba zaharren jaialdia igaro ta illabete barru atera giñan Bordele'ra urtebeteko kontratuarekin iru adiskide euskaldun: Yohanot Sarrikota'ko, Arnaut Urruthia'ko eta ni neu, Tristan Berteretxe'ko.

MARI: Baiñan, orain, ez al-zuaz etxera?

BERETERRETXE: Ez, Mari Beltxa; etxean izanberri nauzu gure nagusiak emandako amabostaldiko baimenarekin. Orain, ba-nijoakizu, berriz ere, Bordele'rat ene gudari-tratua amaitu arte.

MARI: Ongi ibili zaitezela opa dizut, Tristan.

BERETERRETXE: Ez al-didazu deus geiago opa, Mari Beltxa?

MARI: (Zurbilduta.) Zer opa dizaizuket besterik, Tristan?

BERETERRETXE: (Ausarki.) Amodio apurtxo bat, Mari Beltxa.

MARI: Zeuk opa ote didazu amodio ori, Tristan?

BERETERRETXE: Bai, Mari Beltxa, zeuk ba-dakizu maite zaitutana.

MARI: Nola ez didazu, bada, sei illabete auetan kartatxo bat egin?

BERETERRETXE: Ezpaidakit ez irakurtzen eta ez iskribatzen, maite... Zuk dakizun bezala ba'neki, egunean karta bat eginen nizuke! Baiñan gure aitak etzigun erakutsi. Berak ere ezpaitaki eta iskribatzeak ezertarako balio eztuela esaten zigun. Ezpata, arranbela eta lantza ongi erabiltzen ikasi ezkero, zaldunak ez omen du besterik bear. Baiñan Jaungoikoa'k bakarrik daki Bordele'n egin ditutan beratzi illabete auetan zenbat sophritu dutan iskribatzen ez jakiteaz...

MARI: Oraindik ikasi zenezake, Tristan.

BERETERRETXE: Ez, niretzat berandutxo izanen da onezkero... Ta, gaiñera, nork erakutsiko lidake?

MARI: Bordele'n baiño aukera oberik nun ? An, ba-dituzu nun-nai iskribu-gaietan darakusten maixuak.

BERETERRETXE: Eta iduri al-zaizu ikasi nezakeala?

MARI: Bai, gizona, ikasiko eztuzu ba? Ezpata ta arranbela erabiltzea anitzez zaillagoa da ta ikasi zenduen. Nai izatea ahal izatea da.

BERETERRETXE: Eta nik Bordele'tik kartarik egiten ba'dizut erantzungo al-didazu?

MARI: Pozik gaiñera, Tristan.

BERETERRETXE: Orduan, ikasiko dut. Baiñan, ez al-zera maxiatuko nitzaz letra txarra egiten dutalako?

MARI: Zutzaz maxiatu? Ez orixe! Miretsi eginen zaitut benetan, gizona jakintzak egiten baitu aundi eta irakurtzea ta iskribatzea jakituriaren giltzak dira.

BERETERRETXE: Ene aitak ez bezala pentsatzen duzu... Arek diñonez, irakurtze-iskribatzeak eta jakituriak gizona usteldu egiten du eta gudaritzak, ostera, goitu, gaillendu, ospez eta omenez jantzi.

MARI: Eta nork duela arrazoi uste duzu?

BERETERRETXE: Zuk, noski. Oartu bainaiz, iskilluen bitartez ezin dutala ene biotzaren egarria ase eta iskribu bitartez bai...

MARI: Ezta arrazoi txarra... (Bat-batean.) Ene gurasoak datoz kalez-kale. Joan bearko dut.

BERETERRETXE: Ez, zaude zu bertan, ni joango naiz-ta. Baiñan joan aurretik itz hi esaizkiozu ene biotz egarberari.

MARI: Zuri dagokizu gai orretan mintzatzea.

BERETERRETXE: Mari Beltza, Bustanobi'n alkarrekin egon giñan ezkeroz biotz-biotzez maite zaitut.

MARI: Nik ere bai zu, Tristan Berteretxe. Bordele'tik iskribatuko al-didazu?

BERETERRETXE: Bai, iskribatuko dizut. Eta zuk erantzungo?

MARI: Ene letrarik onenaz.

BERETERRETXE: (Eskua emanaz.) Agur, Mari Beltxa.

MARI: (Bat-batean.) Etzaitez joan, Tristan, ikusi baizaitute ta itxusi litzake agurtu gabe joatea. (Gelditu bedi.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962