Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

I'go. jardunaldia

 

GRAZIAN GRAMONT, CATHERINE, MARI-BELTXA eta JAUREGIZAIA

 

GRAZIAN: Enaiz damu Berteretxe nire zerbitzura artuarekin. Mutil argia, iaioa ta pijoa dirudi. Esango nuke, goitzeko lei bizi batek eragiten diela bere urratsai.

MARI: Bai, aita; konphiantza oso-osoa euki zenezake Berteretxengan. Nik ongi ezagutzen dut eta, kosta ala kosta, ezta gelditzen bere egitekoa bete gabe.

CATHERINE: Oraingo ontan, ordea, ez du eraman egiteko xamurra. Musde Arnauton'ekin artu-emanetan ibiltzea, otsoaren agin tartean sartzea bezalaxe baita.

GRAZIAN: Egia diñozu, Catherine. Orrentzat ez dago gizontasunik eta zaldun-legerik. Gizon-iltzalle makurragorik eztut ene bizian ezagutu. Zapokeria eta traiziñoa da bere jokalege bakarra.

MARI: Egiteko ontatik onik ateratzen ba'da, aginte-mailla igo bear zenioke, aita.

GRAZIAN: Bai, alaba, oso gora altxatuko dut gaiñera, aginte-maillan eta ene estimaziñoan batez ere, gure Otsoa bizirik ekartzen ba'digu.

CATHERINE: Jaungoikoarren, onik aterako al-du deabruzko apaiz orren atzaparretatik. Zertarako dizu orrek sotana Eliza-Ama-Saindua'ren izena zikintzeko ezpa'da? Nork esan, gure semea apaiz batek traizioz atxeman bear zuenik trukean dirua eskatzeko? Ikusi ote da zapokeri aundiagorik munduan?

GRAZIAN: Gezurra dirudi, baiñan alaxe da. Iru illabetean semearen berri jakin gabe bizi izan gera axanparik larrienak itotzen gindutela eta ziaro etsi gendunean, mandatari bat egortzeko ausardia izan zuen semearen truk dirua eskatuz.

MARI: Eta billau ori Santxo Arhantzeta jaunaz baliatu zen eginkizun ortarako!

GRAZIAN: Ezin zitekean beste iñortzaz balia berak ziona guri sinisterazteko. Musde Arnauton'ek, gure Otsoa preso zeukaten gaztelura eraman zuen En Santxo Arhantzeta, begiak zapi batez estali ondoren, nora zeramaten ez igarri ahal izateko. Otsoa'rekin itzegin azi zioten eta berriro bere etxera eraman, Otsoa bizirik zela eni jakinerazteko mandatuarekin.

CATHERINE: Eta semearen truk diru-mordo galanta eskatuz.

GRAZIAN: Berteretxe'k jakin-eraziko digu zeatz-meatz zenbat diru eskatzen duen eta zer baldintzetan egin gura duten tratua, ain zuzen ere ortara joana baita. Ni enaiz zurkerian ibilliko nire semearen bizia salbatzeko, baiñan Jaungoiko Jauna'ri zin egiten diot arrapatzen dutan lekuan zerraldo utziko dutala.

MARI: Gaurko egunez itzuliko zela esan zigun.

GRAZIAN: Bai, ala esan zuen, baiñan auzi auetan zernai ustekabeko gerta liteke.

CATHERINE: Ez al-zion belzkeririk egingo, beñepein, otso petral orrek.

GRAZIAN: Eztut uste. Musde Arnauton diru bearrean baita eta En Santxo Arhantzeta tratu-eske gugana igorri zuenean, seiñale trukea interesatzen zaiona.

MARI: Ixo, aita. Jende otsa da kanpoan. Berteretxe ote? Leiora nadin apurtxo bat. (Urbil bedi eta so egin beza atarira.) Ez; ezta Berteretxe. Zaldun aundikiren bat dirudi, laguntzalle talde aundia baidakar berarekin.

CATHERINE: Mari-Beltxa, etzaitezela leiotik begira egon, errespetuari phaltatzea baita. Laister jakinen dugu nortzuk diren.

GRAZIAN: Ezin igarri nezaioke, bada, nortzuk ditezkean, ezpaitut iñor itxaroten.

MARI: Zaldun gazte eta lerden bat zen taldearen buru egiten zuena. Ezpataz gaiñera, eskudoa ta jabalina zekarren eta bere eskudozaiak lagundu dio zalditik jaixten. Etzuen, ordea, iñolaz ere, euskaldun itxurarik. Gaskoina izan bide da.

JAUREGIZAIA: (Burua makurtuaz.) Jaun-andreok, Bertrand de Montferrand zaldun leñargiak etxe onetan arrotz-eskabidea egiten du.

GRAZIAN: Eta Olhaibi'ko gazteluko jaunak biotz-biotzez eskeintzen dio. Jauregizai zuzen ori, esaiozu, Olhaibi'ko gazteluko ate abegitsuak zabalik ditula eta etxeko jaun-andreak zai gagozkiola.

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962