Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962

 

IV'gn. jardunaldia

 

Lengoak eta LEIRIN'GO JAUN KUNTIA

 

JAUN: (Bere jarraikoa gibelean utzirik, bere ezkutariak laguntzen diolarik aurreratu bedi oiñez En Grazian Gramont'engana.) Agur jaun-andreok, agur danoi. (Eskua eman beza bana-bana, aurrena andere ta damai, gero zaldunai.)

GRAZIAN: Agur, kondestable jauna.

JAUN: Olhaibi'n izana nauzu eta an esan didate Bustanobi'ko zure lengusuaren jauregian ziñala.

GRAZIAN: Baiki, alaxen da. Gartxot gure lengusuarekin artu-eman aundia dugu eta sarritan, gu onontza bezala, joaten dira Bustanobitarrak gurera. (Bere lengusuari.) Ezta ala, Gartxot?

GARTXOT: Ongi mintzatu zera, gure artean odolaren lokarria sendoa baita, jaungoikoa'ri eskerrak.

JAUN: Ori gauza ederra da. Aideak, maitetasuna eta laguntasuna zor diote alkarri, gure denbora nahasi auetan sarritan gertatzen ezpa'da ere zoritxarrez.

GARTXOT: Baiñan pasa gaitezen barrura, etxe-atarian ezpaigaude ongi.

MARGARITA: Ongi diñozu, Gartxot. Gaiñera, Jaun Kuntia nekaturik etorri da, noski, eta gorputzarentzat txuspergarri bat beredalaxe prestatuko dugu.

JAUN: Milla esker, Bustanobiko andere zoragarria, baiñan ezin ninteke zuen artean luzaro egon. Ene jarraigoa zai daukat eta En Grazian jatuiarekin itz batzuek egin nai nituzke soilki.

GRAZIAN: Barruan, patxada onean exerita obeki mintzatuko gera emen tente baiño.

JAUN: (Errezeluz.) Ez, ez; eztaukat iñolaz ere exeritzeko betarik.

GRAZlAN: Nai duzun bezala; etzaitut beartu nai.

GARTXOT: Orrela naiago ba'duzute, atari au zuen eskuko uzten dugu.

JAUN: Anitz esker zure atsegintasunagatik. (Gartxot'ek andere-damai kiñu bat egiten die barrura sar ditezen eta agertokian Leirin'go Jaun Kuntia eta Grazian Gramont gelditzen dira.)

GRAZIAN: Zerorrek esango duzu zer nai duzun, kondestabie jauna.

JAUN: Lukuze'ko Baroia'ren partez natorkizu. Ba-dakizu nire lengusu dela...

GRAZIAN: Bai, ba-dakit.

JAUN: Orra, ba; zuk zure gazteluan preso atxeman duzu En Bertrand de Montferrand zaldun gaztea zerorren tellapeko zenduelarik. Ba-dakizu, bestalde, ene lengusu Baroiak eta Bertrand'ek alkar-laguntasun tratu bat dutela egiñik...

GRAZIAN: (Ebakiz.) Bai, guztiori ba-dakit.

JAUN: Baldin guztiori aitortzen ba'duzu, Lukuze'ko Baroiak, nire bitartez, galdegin nai dizu zer eskubidez atxeman duzun preso Bertran zaldun gaztea.

GRAZIAN: Musde Arnauton'ek ene semea il duen eskubide berberaz.

JAUN: Indarraren eskubideaz, beraz?

GRAZIAN: Indarra beste eskubiderik ba'ote da, apika, mundu zital ontan?

JAUN: Justizi bat ere ba-da eta justizi orren eragillea ni naiz Zuberoa'ko konde-erri ontan.

GRAZIAN: Inglaterra'ko Errege jaunaren menpeko leial gaituzu Zuberotar denok eta ba-dakit zure gobernadore edo kapitan kargua arengandik daukazuna. Ez; nik eztut errege jaunaren lege kontra altxatu nai, baiñan, nik Bertrand de Montferrand preso arrapatu dutelako justiziarekin zemai egiten ba'didazu, jakin ezazu, are geiago kastigatu bearrak direla Musde Arnauton eta Lukuze'ko Baroia nire semearen eriotzagatik.

JAUN: Zure semeari eriotza nork eman dion ezta probatu oraindik. Jendearen berriketa ta marmarioa aixa edatzen da norbaiti kalte egin nai zaionean...

GRAZIAN: (Suminduta.) Nik neuk dakit ene seme iltzallea Musde Arnauton izan dela eta ilketa orren testigua zuk uste baiño len mintzatuko da justiziaren aurrean.

JAUN: (Izutuxe.) Etzazula kukurrukurik jo garaia baiño len. Justiziak eztitu onartzen nolanaiko testigutzak... (Kinismuz.) Baiñan, nola-nai ere, zaude lasai, justiziak kastigatuko baitu eriotza orren erruduna. Jakin ezazu, ordea, nire lengusuak eztaukala parterik eta zer ikusirik zure semearen eriotzarekin.

GRAZIAN: (Sututa.) Musde Arnauton Lukuze'ko Baroiaren menpeko eta gudari da!

JAUN: Ortan oker zaude... Musde Arnauton nire lengusuaren alkarkide da, baiñan, eztago aren esanetara. Beraz, Musde Arnauton'i leporatzen dizkioten eriotzakin Lukuze'ko Baroiak ez dauka zer ikusirik.

GRAZIAN: Zure lengusua nire semearen odolaz garbi baldin ba'dago ere, (berekiko) eta lepoa jarriko nuke ezetz, Musde Arnauton aren odolaz zikinduta dago eta ala ere libre dabil. Nunbait, Musde Arnauton'ek eztio justiziari buru-auste aundirik ematen.

JAUN: (Minduta.) Ixo! Ori nire egitekoa da. Baldin Musde Arnauton arrapatzen ba'dugu eta probatzen ba'zaio zure semearen eriotzarekin zer ikusirik duela, justizia eginen zaio. Alabaiña, zuk Bertrand de Montferrand preso daukazula eztago probatu bearrik, zerorrek aitortzen baiduzu. Orain entzun ondo, En Grazian Gramont: ni ez natorkizu gaur justiziaren buru lehen bezala, adiskide bezala baizik, eta nire lengusuaren partez Bertrand de Montferrand libre utzi dezazula eskatzen dizut. Baiezkoan, etzaizu ezertxore gertatuko, baiñan, ezezkoan ez nuke zure larruan egon gura.

GRAZIAN: Nire semearen iltzallea kastigatu beza justiziak eta nik libratuko dut Bertrand.

JAUN: Berriz ere esango dizut zure semea nork il duen iñork eztakiela. Bere illotza bide bazter batean arkitu zela dakigu soilki.

GRAZIAN: Nik ba-dakit, ordea. Musde Arnauton'ek il zuena bere eskuz. Justizia, ordea, bildur da kondestable jaunaren adiskideak kastigatzeko eta lekukoaren aitortza ez luke aintzakotzat artuko gaurko sasi-justiziak.

JAUN: En Grazian Gramont: enaiz eztabaidan jardutera etorri eta are gutxiago zure iraiñak entzutera. Gauza bat esatera etorri natzaizu: ots, Lukuze'ko Baroia zure semearen eriotzaz errugabe dela eta orretxegatik, zuk mendeku gixa arroztasun legeak urratuz preso-atxeman duzun En Bertrand de Montferrand zalduna libre uztea agindu-erazten duela. Zer erantzuten didazu?

GRAZIAN: Justiziaren geriza zeran orrek nola eskatu dezakezu aita-iltzalle bat libre uztea?

JAUN: Zer arraio ari zera esaten? Nor da emen aita-iltzalle?

GRAZIAN: En Bertrand de Montferrand, Jaun Kuntia.

JAUN: Ja, ja, ja! Burutik egin al-zaizu zuri?

GRAZIAN: Orixe da zuk nai zenukena, baiñan jaungoikoa'ri eskerrak burua jator daukat.

JAUN: Nork kondatu dizu bada ipui ori? (Pharrez.) Iratxoak, apika?

GRAZIAN: En Bertrand de Montferrand'ek berberak bere buruari etsipena eman zionean.

JAUN: (Bat-batean, amorrazita.) Zure sare galgarrietan nahasi gura nauzu burugabeko tentelkeriak kontatuz. Aski dut berriketarik! Nik egindako galderaren erantzuna agindu-erazten dizut.

GRAZIAN: Zure galdera ezta itzetik ortzera erantzutekoa. Ongi ba'derizkiozu, bizpairu egun barru erantzunarekin joango natzaizu Maule'ko gaztelura.

JAUN: Ongi da: baiñan egun orretan zirt edo zart egin bear duzu aitzeki ta aki-akula berririk asmatu gabe.

GRAZIAN: Onenian, biar bertan joango natzaizu eta orrela baldin ba'da, zuen gogoko erantzupena izanen duzute.

JAUN: Ez al-zera maxiatzen ari, En Grazian Gramont?

GRAZIAN: Ez, orixe, jaun kuntia. Biar joaten ba'naiz, Bertrand de Montferrand libre geldituko da, baiñan, etzi joan ba'nadi, Otsoa'ren eriotzaz berak erantzungo du.

JAUN: Biar etorri zaitezela aolku egiten dizut, bada.

GRAZIAN: Ala itxaro dut. Baiña, dena dela, enaiz iñoren bildur. Mintza zakio orrela nire partez zure lengusu egiten den Lukuze'ko Baroiari.

JAUN: Orrela mintzatuko natzaio zuketz eta zure itzari zintzo eutsiko diozulakoan nago.

GRAZIAN: Lasai egon. Biar ala etzi zure gazteluan egonen naiz. Biar izatekotan, mutilla neronekin joango da.

JAUN: Biar izan dadilla.

GRAZIAN: Saiatuko naiz, baiñan ez dago nire esku.

JAUN: (Eskua emana.) En Grazian Gramont... biar arte.

GRAZIAN: Jaungoikoa'k nai dezala.

JAUN: Etzera damu izanen.

GRAZIAN: Zuaz ongi, Jaun Kuntia. (Bijoa Jaun Kuntia.)

 

Begia begi truk, Yon Etxaide
Egan, 1/3-1962